Aurre-hilerokoaren fasearen azterketa
Aurre-hilerokoaren fasearen azterketa
Aurre-hilerokoa, fase gorrotatuena da. Obulazioaren ostean hasten da eta hilerokoaren fluxu gorria agertzen den bitartean irauten du. Zikloaren azken aurreko txanpa da beraz.
Grafiko hormonala azaltzen den pilulan aipatzen dugun bezala, garai honetan dugun hormona nagusia progesterona da. Honek gure gorputzean efektu lasaigarria eragiten du. Baina askotan, ez dugu erritmoa jaisteko eta gure energiak eskatzen digun moduan ‘barrura begira’ jartzeko aukerarik izaten. Honek gure barneko beharraren eta ‘egin behar’ dugunaren artean talka handia eragiten du maiz.
Energiari dagokionez, mantsoago goaz garai honetan. Eta askotan, gorputzak, bakarrik egotera eta behar dugun hori entzutera gonbidatzen gaitu. Sentsibilitatea handitu daiteke, beste une batzuetan sentitu ezin izan ditugun ‘zenbait’ gauza sentituz. Gainera, arrazionaltasuna apur bat alde batera gera daiteke gure senari tokia eginez.
Ongi dakigun bezala, agertu daitezkeen sentimenduak eta jokamoldeak ez dira kapitalarentzat produktiboak. Baina, eta guretzat? Fase honek zauriak mimoz behatzeko eta hauetatik abiatuz estrategiak prestatzeko aukera eskaintzen digu. Hori bai,kalitatezko denbora eta baldintzarik izan ezean litekeena da aurre-hilerokoa ulu bortitz eta amorratuen forman komunikatzea. Gure ustetan, ahots basatia da, mugak jartzen dituena, gaizki egiten diona (diguna) adierazteko adorea duena. Finean, gu geu babesteko sakon sakonetik ateratzen den indarra.
Fase honekiko ezinikusia eta kriminalizazioa hain da handia, aurre-hilerokoa patologizatua egotera iristen dela. Gure kalterako, noski. Hileroko aurreko sindromea deritzotena, hilerokoa dugun %75ak pairatzen ahal dugu gure bizitza ziklikoan zehar eta 150 sintoma baino gehiago ditu. Medikuntza hegemonikoak botikak hartzera gonbidatzen gaitu ziklatzen hasten garenetik hil arte. Gure gorputzak akastunak ote dira? Ala gutaz baliatzen ari ote da kapitala etengabe hazten jarraitzeko? Egoera hau sufritzen dugunok hainbeste pertsona izanda, ez ote da ‘gaitza’ begiratzen gaituzten begietan egongo? Ez al da gure sistemaren bizi baldintza prekarioetan egongo?
Erradikalak gara: gure ziklikotasuna babestu behar dugu. Eta gure ustetan, aurre- hilerokoaren faseak Bizitza Ona eraikitzeko pista asko ematen dizkigu. Jar ditzagun denbora-espazioa eskaintzeko gure barneak esan nahi duten hori entzuteko baldintzak (eta behar diren mugak)!
Eta zure kasuan, nolakoa da zure aurre-hilerokoaren fasea? Zer moduzko harremana duzu berarekin? Nabaritu al duzu aldaketarik zure behaketa prozesuan zehar? Aldatu al da zure aurre-hileroko fasearekiko harremana? Zergatik? Aurretik aipatu bezala, erantzunak gurekin partekatu nahi izan ezkero, info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaude :)
[*Energia eta ezaugarrien inguruko ohar bat: Idatzi hauetan, ohikoak izaten diren energiak eta ezaugarriak jasotzen dira, baina bakoitzaren gorputza eta bizipenak mundu bat dira, beraz, zureak ezberdinak badira, ongi dago ere]
Ara!Gorputz