Aurre-obulazio fasea arakatzen
Aurre-obulazio fasea arakatzen
Aurre-obulazioaren aroa hilerokoaren fasea amaitzen denean hasten da eta obulazioa ematen den arte irauten du. Oso modu orokorrean, garai honek 7 egun iraun ditzakeela esan genezake.
Grafiko hormonala azaltzen den pilulan diogun bezala, fluxu-gorria amaitzean estrogenoen gorakada etorriko da, eta honek fase berriaren hasiera adieraziko digu.
Gure faseak ezagutzeko ohitura polit bat norberaren kulero edo galtzontziloak behatzea da. Hemen topatuko ditugu zikloan zehar baginatik ateratzen diren fluxuak. Fase honetan zehazki ez da ohikoa izaten fluxua, garai lehorrena izaten delarik.
Energiari dagokionez, estradiolaren gorakadak energia asko sortzen digu. Nahiz eta indar hau maiz pozez jasotzen dugun (kontuan izan behar dugu hilerokoaren fasetik gatozela, agian mina eta nekearekin), batzuetan, antsietatea ere eragiten digu. Energia hau bideratzeko estrategiak topatzea garrantzitsua da, gure kasuan, gorputza mugituz.
Fase hau ‘produktibitateari’ lotuta egon daiteke. Hilerokoaren barealdiaren ostean, berriz martxan jartzen gaitu aurre-obulazioak. Baina kasu! Baliteke lehen egunetan oraindik ‘hilerokoaren burbuilan’ egotea. Trantsizioren energiak arreta berezia merezi du.
Beraz, suabe joatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, sortu daitezkeen talkak ekiditeko eta nolabait, daukagun energia modu xamur batean kudeatzeko.
Fase honetan pentsatzeko dugun modua arrazionalagoa dela ere esan ohi da. Honegatik, momentu ona izan daiteke beste momentuetan mardulak egiten zaizkigun kontuak (burokraziak adibidez) kudeatzeko. Azkenik, gorputzean arreta jartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu beste behin ere , energia ‘gehiegi’ badugu, oso zaila baita eserita, geldirik eta kontzentratua egotea.
Eta zuk, ezagutzen duzu aurre-hilerokoaren fase hau? Nolako ezaugarriak ditu zure gorputzean? Nabari izan duzu deskribatutako energia igoera? Zein da hau kudeatzeko erabiltzen duzun modua? Gogoratu, gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, helbide honen beste aldean gaude: info@aragorputz.eus
[*Energia eta ezaugarrien inguruko ohar bat: Idatzi hauetan, ohikoak izaten diren energiak eta ezaugarriak jasotzen dira, baina bakoitzaren gorputza eta bizipenak mundu bat dira, beraz, zureak ezberdinak badira, ongi dago ere]
Ara!Gorputz