Gure hilerokoen ezaugarriei hurbilpen bat
Gure hilerokoen ezaugarriei hurbilpen bat
Hilerokoaren erregistroak egiteko aplikazio feminista da Zikloan App-a, euskara hutsean dago eta datuak 7 giltzarrapoz babestuta ditugu. Tresna honen atzean Iametza dago alde teknikoan eta edukiaren alorrean Ara!Gorputz. Lan militanteak eta diru laguntzek pittinka-pittinka hobekuntzak egiteko aukera ematen digute.
2023ko martxoan jarri genuen Zikloan martxan estreinakoz. Zirraraz, patxadaz eta arduraz egiten ari ginelako sentsazio eder askoa genuen. Lehen asteak oso hunkigarriak izan ziren: harriduraz, egunetik egunera erabiltzaile kopurua gora zihoala ikusten genuen. Ez genuen pentsatzen Zikloan 1.000 erabiltzaile baino gehiago izatera iritsiko zenik.
2024an, anonimotasuna mantenduz beti ere, 500 emakume inguruk erregistratutako datuek zer dioten entzuten jarri gara Aztikerreko kideekin elkarlanean. Nongoak gara? Zein adin dugu? Nolakoak omen dira gure hilerokoak? Galderak galdera, zuekin partekatu nahi izan ditugu ateratako ondorio nagusiak:
- Zikloanen gehiengoak emakumeak* gara baina gizon transen bat eta pertsona ez-bitar batzuk ere badaude.
- Adin tarteei dagokienez, gehiengoa 28-35 urte artean gaude, baina bada 14 urte baino gutxiago dituen baten bat eta 49 urtetik gorakoren bat ere bai.
- Erabiltzaile gehienak Gipuzkoan erroturik gaude eta Araba eta Iparraldea oro har dira erabiltze gutxien dituzten lurraldeak.
- Erregistroak egiten ditugun gehiengook 12 eta 13 urterekin igaro genuen menarkia. 11 eta 14 urterekin izan zuten lehen hilerokoa batzuek, oso gutxik 10 urte bete baino lehen, eta are gutxiagok 16 eta 17 urte artean. Oro har, erabiltzaileen menarkiaren bataz besteko adina 12,7 urtekoa da.
- Gehiengo handi batek 26-30 eguneko zikloa dugu, gutxi batzuek 16-20 egunekoa eta beste kopuru txiki batek 35 egunekoa. Ziklo luzeenak 28 eta 35 urte bitartean ematen dira eta 42 urtetik aurrera zikloak motzagoak izan ohi dira.
- Dirudienez, gehienok hilerokoa noiz etorriko zaigun aurreikusteko erabiltzen dugu aplikazioa. Izan ere, erabiltzaileen artean gehien erregistratu den ezaugarria fluxu gorri kopuru delakoa izan da.
- Gehien erregistratu dugun hurrengo ezaugarria nekea izan da eta ostean sabeleko mina. Aldaketa nagusiak apetituan eta loan bizitzen ditugu.
- Emozioen atalean, lasaitasuna da gehien markatzen dugun ezaugarria eta gutxien markatzen duguna haserrea.
- Energiaz ari garenean, nekea eta ohiko energia aukerak dira nagusi eta apenas presentziarik ez dutenak arreta eza eta energia izugarria dira.
Hau guztia argazki pixelatu bat besterik ez bada ere, egiten ari garen bidearen garrantziaren jabedun gara. Hilerokoaren erregistroak egiteko baliabideak sortzea da eta izango da Zikloanen xedea, baina zeinek daki, baliteke hemendik urte batzuetara Euskal Herriko hilerokoen panoramika bat egiteko aukera izatea.
Hemendik, eta hitzen mugen jakitun, bihotzez ESKERRIK ASKO, ziklokide, gugan jarritako konfiantzagatik eta zure baitan egiten ari zaren prozesuarengatik.
Jarrai dezagun bizitzen, eta ziklikoki izan dadila!
Ara!Gorputz