Hilerokoaren fasea arakatzen
Hilerokoaren fasea arakatzen
Idatzi hauetan, ohikoak izaten diren energiak eta ezaugarriak jasotzen dira, baina bakoitzaren gorputza eta bizipenak mundu bat dira. Horregatik, egin kontu zure hilerokoaren ezaugarriak ezberdinak izanez gero ere, ongi dela hala: norberaren zikloak ezagutzean datza gakoa.
Bataz beste 28 egunero murgiltzen gara hilerokoaren fasean. Baina 23-35 egun bitarteko iraupena ere izan dezake zikloak. Hilerokoaren fasea, fluxu gorria baginatik ateratzen denean hasten da. Hau, zikloaren hasiera unea da. Gorri kartsua (eta ez arroxa edo marroixka) ikusten dugunean esango dugu hilerokoaren lehenengo egunean gaudela. Fluxuaren kopurua gutxitik askora igarotzen da, ostera berriz gutxitzen delarik. Guztira, fluxu gorriaren jarioa 3-8 egunez izan ohi dugu eta gutxi gora behera, 30-50 mililitro kanporatzen ditugu, hilerokoaren fasean zehar.
Hormonen grafikoan ikusten den bezala, hormona “gabe” geratzen garen unean iritsiko da hilerokoa. Une berezia (zero momentua deitzen diogu) bezain motza da hau, segituan estrogenoak dantzan hasten direlako.
Hilerokoaren fasearen lehen zatian energia baxua izan ohi dugu, gure uteroa energia mordoa erabiltzen ari delako, endometrioa kanporatzen. Ahal izan ezkero, atseden hartzeko une ederra da hilerokoaren fasea. Norberaren erregulartasuna ezaguturik, hilerokoaren lehen egun pausatu bat programatu dezakegu. Estrogenoen agerpenarekin,energia ere goiti doa eta hurrengo faseari, aurre-obulazioari, hasiera emango diogu, poliki baina sendo.
Amaitzeko, “odola” hitzaren erabileraren inguruan ohar pare bat egin nahi ditugu: alde batetik, “odola” diogunean zenbait pertsonengan (batez ere haurrengan) izua, larritasuna, kezka edo antzeko emozio deserosoak agertzen direla konturatu gara urteekin. Bestetik, egun jada badakigu hilerokoaren fluxuaren ehuneko txiki bat soilik dela odola, gero azalduko dugun moduan. Beraz, hilerokoaren fluxua odola ez delako eta arbuioa elikatzen duelako, odolaz hitz egin beharrean, fluxuaz, fluxu-gorriaz edo hilerokoaren-fluxuaz hitz egiten dugu.
Hilerokoaren fluxuak osagai hauek ditu: ura, endometrioaren ehunaren heren bat (beste biak xurgatu egiten ditu gorputzak), lipidoak, proteinak, uteroko zain eta arterietako odol freskoa, baginako mukosa, fluxu zerbikala, progesterona eta RNA zelularra. Malagako unibertsitateko zientzialari talde batek aditzera eman zuen moduan 1 ama zelulak ere badaude hilerokoaren fluxuan. Ikerlarien hitzetan, zelula hauek “bere burua berritzeko gaitasun handia duten zelulak dira eta, beraz, egokiak dira birsorkuntza-medikuntzako terapiarako eta immunitate-sistemarekin lotutako gaixotasunetarako”. Tamalez, gure fluxu-gorrietan metilparabeno-a eta benzofenona topatzea ere oso ohikoa da, Granadako unibertsitateko ikerlari talde batek egindako azterketak2 ondorioztatu zuen moduan. Kosmetikoek, etxerako gaiek eta botikek izaten dituzte substantzia hauek eta gaixotasun ginekologikoen garapenarekin lotura dute. Oro har, hilerokoaren gainean egindako ikerketak oso-oso urriak dira eta honen ondorioak, larriak bezain anitzak.
Nolakoa da zure hilerokoaren fasea? Ba al dakizu zein ezaugarri dituen? Nola egoten zara energiari dagokionez? Ezagutzen duzu bere iraupena? Eta zure fluxua? Ze kolore du? Hau guztia (zurekiko maitasun oparoarekin) behatzera gonbidatzen zaitugu! :) eta kontatu nahi badiguzu, info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaude!
Ara!Gorputz