Hilerokoaren fluxua jasotzeko aukerak
Hilerokoaren fluxua jasotzeko aukerak
Gure amonek eskuzapiz egindako pañoak erabiltzen zituzten. Gure amek (70. hamarkadan) lehen plastikozko konpresak baliatu zituzten. Hauek, tanpoiaren iraultzaren parte ere izan ziren. Gaur egun hainbat dira fluxu gorria kudeatzeko tresnak. Baina ezin dugu ahantzi pobrezia menstrualaren ondorioz denok ez dugula aukera hauetaz gozatzeko aukerarik. Hau esanda, garrantzitsua da zer dagoen jakitea eta zuk zeuk erabakitzea zer den erabili nahi duzuna.
- Konpresa eta salvaslips-ak: Kulero (edo galtzontziloetan) jartzen dira eta fluxua kanporatzean bertan jasotzen da. Hainbat mota eta tamaina daude. Fluxu kopurua oparoa denean konpresak erabili ohi dira eta ttanttak salvaslip-etan jasotzen dira. Salvaslip-aren inguruan ideia pare bat partekatuko ditugu jarraitu baina lehen. Alde batetik izenari erreparatzera gonbidatzen zaituztegu. Gure jantzien funtzioa gu babestea da, ez alderantziz. Hankartean dugun oihal zatia salbatzeko ardurarik ez dugu eta ez dugu izan nahi.
Bestalde, hauen erabileraren inguruan apunte bat egin nahi dugu. Izan ere, pertsona askok egunero-egunero erabiltzen dituzte salvaslip-ak eta hauek bulbaren ekosistema larriki eraldatzen dute, ezerosotasun eta gaixotasunak sortuaz. Itzuli gaitezen orain konpresa eta salvaslip-en artean ditugun aukeretara. Hauen arteko ezberdintasun handiena ekoiztua izan den materialean dugu. Honen arabera, oro har bi multzo bereizi ahal ditugu:
- Erabilera bakarrekoak: Hauek dira ezagunenak. Jarri, bete eta zaborretara botatzen ditugunak dira. Plastikoaz gain, gure bulbarekin kontaktuan dagoen zatian toxikoak diren osagaiak dituzte: rayon-a, asbesto-a eta poliakrilato-a, besteak beste. Garrantzitsua da gure alua porotsua dela eta ondorioz, osagai hauek gure gorputzaren barnealdera igarotzen direla gogoratzea. Badira erabili eta botatzeko konpresa organikoak ere: hau da, toxikorik gabekoak. Belar-dendetan edo farmazian topa ditzakegu.
- Ber-erabilgarriak: Hauek ezezagunagoak dira, baina apurka-apurka aukera hau zabaltzen ari da. Erabili ostean ur hotzarekin garbitu, lehortu (ahal bada eguzkitan) eta berriz ere erabiltzeko prest ditugu. Tamaina ezberdinetakoak daude eta hainbat proiektu polit daude horrelakoak ekoiztu eta saltzen dituztenak. Jostea gustatzen bazaizu, zuk zeuk ere egin ditzakezu!
- Tanpoiak: Baginaren kanalean jartzen dira eta fluxua bertan xurgatzen dute. Hilerokoaren fluxuarekiko arbuioa sentitzen duzulako edo bestelako arrazoi batengatik izan daiteke aukera hau erosoa zuretzat. Baina bagina barrua eremu hezea da eta edozein xurgagailuk bertako ekosistema eraldatu eta lehortu egiten du. Beraz, printzipioz, ez da aukera oso egokia gure baginentzat. Edonola, kasu honetan ere bi motatakoak bereizi ditzakegu.
- Kutsatzaileak dituztenak: Konpresekin gertatzen den bezala, ohiko tanpoiek (iragarkietan ateratzen direnak) toxikoak izaten dituzte. Osagai hauen zerrenda luzea da eta ez genuke zure kortisola (larritasuna sortzen duen hormona) igotzea nahi. Informazio asko topatu dezakezu kontu honen inguruan, beraz, interesik badun, emaion!
- Organikoak: Hauek kotoiez eta beste material organikoez eginak daude eta farmazietan zein belar-dendetan topatu ditzakegu.
- Kopa: Nahiz eta asmaketa honen patentea 1937koa den, duela gutxi jarri da modan. Zorionez, geroz eta gehiago gara produktu toxikoak eta xurgatzaileak alde batera uzten ari garenak. Kopa baten forma duen gailu hau, baginaren kanalean ipintzen da. Silikonaz egina dago eta behin eta berriz (10 urte edo gehiagoko iraupena du) erabili daiteke. Hileroko batetik bestera desinfektatzeko irakin eta ongi gorde besterik ez da egin behar. Baliteke zailtasunak izatea kopa sartzeko edo ongi kokatzeko. Horrela bada, lasai hartu, aukera asko ditugu eta!
- Itsas-esponjak: Nahiko ezezaguna da baina zuretzat aukera bat izan daiteke. Gorputza garbitzeko erabili ohi diren itsas-esponjak dira, baina kasu honetan baginatik sartzeko tamainan eginak daude. Sarean edo belar-dendetan eros daitezke eta zurera egokitu. Prozesu kimiko bidez zurituak izan direnak existitzen dira baina guk ‘kolore naturala’ hobesten dugu. Amaitzeko, aukera ezezagun honen inguruko ezaugarri ezezagun bat: esponjak animali ez gizatiarrak dira eta beraz beganoentzako ez da hautu egokia.
- Kuleroak: Hilerokoaren fluxua jasotzeko kuleroak ere modan jarri dira azken garaian. Aukera anitzak daude merkatuan. Oihalezko konpresak bezala, erabili ostean garbitu, lehortu eta berriz janzteko daude pentsatuta. Gomendagarria da, sarean beharrean, proiektu lokal eta eraldatzaile batean erostea.
- Jario askea eta kontzientea: Azken urteetan jario askearen eta jario kontzientearen aukeren inguruan entzuten (eta hitz egiten!) ari gara. Prozesu beraren parte dela esan dezakegun arren, ezberdintasun bat dago bien artean: jario askean fluxua nahieran ateratzen da baginatik. Jario kontzientearen kasuan aldiz, baginako muskuluak ‘entzutea eta erabiltzea’ lortzen da. Horrela, hilerokoaren fluxua nabaritzen dugunean muskuluak apur bat uzkurtzen ditugu eta komunera(edo ibaira, lurrera...) goaz askatzera. Prozesu bat denez, pazientziarekin hartzea eta toki goxo batean frogatzen joatea gomendatzen dugu.
Edonola ere, goian aipaturiko aukerei nahieran heltzeko parada ez duten pertsonek egin dezaketen ‘gauza bakarra’ da hau. Beraz, pobrezia menstrualarekin amaitu ostean, hau da, denek produktu hauetarako sarbidea dugunean, soilik izango da jario askea eta kontzientea denentzat (eta ez bakarrik pribilegiodunentzat) aukera erreal bat.
Hauek dira guk frogatu (eta ezagutzen) ditugun produktuak. Egongo ote da gehiago? Zein emoziorekin erlazionatzen duzu aukera bakoitza? Nolakoak izan dira zure esperientziak hauetako bakoitzarekin? Zer erabili zenuen zure lehen hilerokoetan? Uste duzu informazio gehiago izan bazenu berdina izango zela zure aukeraketa? Eta orain, zein da zure aukera?
Nahi baduzu, gurekin harremanetan jartzen ahal zara info@aragorputz.eus helbidean.