Hilerokoaren fluxuarekin zer?
Hilerokoaren fluxuarekin zer?
Gaur egun oraindik (ere), hilerokoaren fluxua zerbait zikina bezala sentitu ohi da gure jendartean. Guk geuk ‘kuleroak zikindu ditut’ bezalakoak esaten ditugu konturatu gabe. Komunetik behera doan ‘hori’ da gure hilerokoa, plastiko artean eta ezkutuan zaborrontzira doana. Guk, milaka aukera ikusten dizkiogu fluxu gorri liluragarri honi ordea. Segi dezagun, jarraian zerrendatuko ditugu:
[*Ohar garrantzitsua: Hilerokoaren fluxuaren eta Hilerokoaren Zikloaren lagunak egitea prozesu bat da, beraz hau, merezi duzun pazientzia eta mimoarekin egitea proposatzen dizugu. Kontuan izan, mundu ikuskera guzti baten kontra zoazela prozesu honekin. Arazoa, ez da zurea, sistemikoa eta belaunaldiz belaunaldi iraun duena baizik]
- Nola gauden jakiteko termometro ezin hobea da : Hilabetero-hilabetero kanporatzen dugun fluxu honetan, gure gorputzaren inguruko hainbat pista topatu ditzakegu behaketa xinple baten bidez. Alde batetik, kopurua aztertu dezakegu: handitu da? Txikitu agian?. Bestetik, kolorea behatu dezakegu: aldatu da? Marroixkagoa da? Argiagoa agian?. Bereziki hilerokoaren kopa edo jario-askea erabiltzen badituzu, hilabetez hilabete kuriositatez behatzen joan zaitezke, eta ea! Interesgarria izan daiteke duen usainaren lagun egitea ere. Oso ezberdina da tanpoi-kimiko beteak duen usaina eta fluxuak bere horretan duena. Sinestea ez da beharrezkoa, zuk zeuk egizu froga!
- Elkarrekin behatzea jolasa izan daiteke: Askotan entzun dugu adibidez “nik koagulu handiak ditut” eta pentsatu dugu: “ah, bai? Eta zer da ba ‘handia’?” Hilerokoaren fluxua pote batean jaso dezakezue eta zuen artean alderatu. Elkarrekin deskubritu dezakegu zertaz ari garen horrelako gauzak esaten ditugunean, eta ikusi zenbat den egia eta zenbat jarraitzen dugun mito bat elikatzen. Egin lagun-konplizeen artean proposamena eta ea nola doan esperimentua!
- Landareak ureztatzeko elixir magiko bat da : Hilerokoaren fasearen pilulan aipatzen dugun moduan, hilerokoaren fluxuak hainbat osagai ditu. Endometrioa, ama- zelulak, proteinak eta hormonak, besteak beste. Baina landareak energiaz hazteko ongarri garrantzitsuenak direnak ere topa ditzakegu fluxu gorrian gainera: fosforoa, nitrogenoa eta potasioa. Honen ondorioz ongarri bikaina eta aberatsa da. Hori bai, froga egitera animatzen bazara, nahastu fluxu gorria ur askorekin (asko-asko).
- Aurpegirako zein ilerako maskara ere izan daiteke : Agian oraindik zure hilerokoak nazka apur bat ematen badizu, hau ‘gehiegi’ izan daiteke. Baina hala ere, fluxua aurpegirako zein ilerako maskara ederra dela aipatu nahi dugu. Azala leuntzeko eta ilea berrindartzeko ‘baliabidea’ daukagu gurean. Frogatzera animatzen zara?
- Margotu!: Pentsatu duzu noizbait hilerokoarekin pintatzea? Bai? Aupa! Agian esperimentatu duzu jada! Ariketa xinple baina itzela da guretzat: hartu zure fluxua, paper bat, pintzela (edo behatzekin izan daiteke) eta hasi jolasean. Zer dio zure fluxu gorriak? Nola ikusten da paperaren gainean? Apur bat ‘profesionalagoa’ geratzea nahi baduzu, paper akuarelablea gomendatzen dizugu. (*Hemen Enarak pintatutako marrazkiak ikus ditzakezu ^^)
Egin izan duzu besterik zure hilerokoaren fluxuarekin? Kontaiguzu! (info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaituzu!)