Hilerokoaren Ziklo “osasuntsu” bat izateko gakoak
Hilerokoaren Ziklo “osasuntsu” bat izateko gakoak
Gure jendarteko mundu ikuskera lineala da. Sistemak beti ‘gora eta aurrera’ bultzatzen gaitu, eta hau, oinarrian, oztopo handi bat da jada gure ziklikotasunak modu xamur batean bizitzeko. Era berean, hainbat dira, besteak beste elikagaietan eta airean topa ditzakegun eta hilerokoa daukagun gorputzetan eragiten duten kutsatzaile hormonalak.
Hau kontuan izanda, gure ustetan oso zaila da osasuntsu egotea (eta sano ziklatzea), gaixorik dagoen sistema batean. Testuinguruak arrotzak dira garen organismoentzako, eta prekarietateak are gehiago okertzen du egoera. Abiadura handiko Bizitzak daramatzagu, estimuluz beterikoak, eta oso denbora gutxi izaten dugu ‘barrura begira’ jarri ahal izateko.
Askotan egiten digute Ara!Gorputz-eko kideoi ondorengo galdera: “Zer egin dezaket hilerokoak minik eman ez diezadan?” Frustrazioz bizi dugu hau, erantzun gutxi ditugulako eta ditugunak epe ertain-luze bat behar dutelako. Hala ere, baditugu zenbait gako guretzat Hilerokoaren Zikloaz disfrutatzen hasi ahal izateko beharrezkoak izan direnak. Jarraian partekatzen dizkizugu:
- Erregistroa egitea (beste piluletan aipatzen joan garen moduan) ezinbestekoa da zure zikloa nolakoa den jakitea. Hau jakitea, Bizitza (eta agenda) apur bat hobe antolatzeko eta zure alde zenbait estrategia garatzeko lagungarria izan daiteke.
- Elikadura ere ezinbesteko aldagaia da. Merkatuan dauden jaki gehienek ez gaituzte elikatzen, soilik gosea (eta askotan antsietatea) apaltzen dizkigute. Gainera, gehienetan legezkoak diren toxikoz beterik egoten dira. Horregatik eta aipatuko ez ditugun arrazoi gehiagorengatik, agroekologiaren parametroetan ekoiztutako elikadura da gehien komeni zaiguna.
- Atsedenak eta loak berebiziko garrantzia dute oreka hormonalean. Gauez (ilunpetan) sakon lo egiteak eta egunak lasai igarotzeak, gure baitan eragin handia izango du. Deskantsatzeak ez du zertan jarleku bigunean etzatea eta telesail bat ikustea izan behar. Maite duzun bide batetik ibiltzea, igeri egitea, musika jo edo entzutea ere izan daitezke. Badakizu zerk erlaxatzen zaituen zu?
- Estresarekin adi! Esan bezala, abiadura handian bizi gara eta honek eragin zuzena du gure hormonen dantzan. Beraz, hau ekiditeko estrategiak garatzen joan behar gara. Sistemak sorturiko arazoa denez, estrategia eta erresistentzia hauek elkarrekin sortu eta sustatu behar ditugu.
- Naturarekin harremana izatea oso lagungarria izan daiteke zure oreka hormonala orekatua egon dadin. Eguzkia eta haizea sentitzea, errekaren soinua entzutea, zuhaiztietan murgiltzea, lasaitasuna, isiltasuna etab. lagungarriak izan daitezke.
- Garen gorputza mugitzea: Ohitura sedentarioak oso barneratuta ditugun honetan, oso-oso garrantzitsua da nahieran (dantzatuz, taichi-a praktikatuz, baratzea landuz edo ibiliz, nahieran) mugitzea. Bakarrik egin dezakezu, baina litekeena da lagunekin dibertigarriagoa izatea!
- Harremanak: Ez gara izaki bakartiak, izaki sozialak baizik. Beraz, inguruko pertsonekin ditugun loturak eta hauen kalitateak (arreta eta denbora eskaintzen badiegu) paper garrantzitsu bat izango dute gure Bizitza Onaren eraikuntzan.
- Hilerokoaz hitz egin eta jakintzak partekatu : Hilerokoaren Kultura elkarrekin sortuko dugu edo ez da izango. Hilerokoaz hitz egitea (ditugun min zein pozez) eta pilatzen goazen jakintzak partekatzea ezinbestekoa da denok, toki guztietan, Hilerokoaren Ziklo osasuntsuagoak izan ditzagun. Izendatzen ez dena existitzen ez bada, izendatu dezagun!
Gogoratzen dizugu e-posta honen (info@aragorputz.eus) beste aldean gaudela, beraz, gurekin edozer partekatu nahi izan ezkero, idatzi lasai! :)