Hilerokoaren Zikloa eta ditugun erronkak

Hilerokoaren Zikloa eta ditugun erronkak
2023-03-13 · Ara!Gorputz

Hilerokoaren Zikloa eta ditugun erronkak

 

Aurreko pilulak irakurri badituzu, segidan agertzen diren gai batzuen inguruko pistak ematen joan garela konturatuko zara. Orain, zikloaren inguruan ditugun erronkak zerrendatu nahi izan ditugu. Elkarrekin jarrai dezagun ‘Hilerokoaren Kultura’ eta ‘Kultura Ziklikoa’ garatzen.

 

  • Behatzea vs. kontrolatzea: Erregistroa egin baduzu eta jada gida-lerro batzuk badituzu, hau lagungarria izan daiteke, adibidez, agendan ziklikotasuna aintzat hartzeko. Baina mesedez, ez sartu kontrolaren logikan: gorputz biziak gara, bizirik dagoen Bizitza batean dantzan. Beraz, ahal baduzu, kontrola alde batera uztea gomendatzen diguzu eta honen ordez, haur alai baten begirada kuriosoa mantentzea.

 

  • Ziklikoak eta aldakorrak: Erregistroa eginez fase bakoitzaren jokamolde eta erantzun fisikoak identifikatzen ahal ditugun arren, ezin dugu gure errealitatea aldakorra dela ahaztu eta, ondorioz, gu geu aldakorrak garela. Beraz, 19 urterekin egindako erregistro batek, adibidez, ez dizu 37 urte dituzunean balioko ziurrenik. Hau eguneratua mantentzea gomendatzen dizugu. Gainera, zikloaren fase batean ez badugu gorputzak eskatu digun hori egin, beste faseetako ezaugarriak aldatu daitezke. Adibidez, hilerokoaren aurreko egunetan ez badugu nahikoa atseden hartu gorputzak hori eskatzen zigularik, hilerokoaren amaieran ez dugu energia gorakadarik nabarituko. Gogoan izan ziklo osoak daukala eragina gugan. Faseak ez dira departamentu estankoak, ziklizitate oso (eta eder) bat gara.

 

  • Hilerokoa eta ugalketa: Hilerokoaren Zikloak ez du soilik ugalketarako balio. Hilerokoaren Zikloak ez du soilik ugalketarako balio. Hilerokoaren Zikloak ez du soilik ugalketarako balio.... Mantra moduan errepikatzen dugun esaldia da, hau baita belaunaldiz belaunaldi kontatu diguten eta balioan jarri den bakarra. Baina aurreko piluletan (bereziki obulazio fasearen azterketan) aipatzen joan garen bezala, Hilerokoaren Zikloa ematea oso-oso garrantzitsua da gu osasuntsu mantentzeko. Beraz, Hilerokoaren Zikloa gu osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa da. (Lagunduko gaituzu azken esaldia hau zabaltzen?)

 

  • Ikerketa gutxi: Nahiz eta geroz eta gehiago garen hilerokoaren inguruko lanketak, zabalpen lanak eta pedagogia egiten gabiltzanak, honen inguruko ikerketek oso oso (oso) urriak izaten jarraitzen dute. Guztiak (botikak, kutsadurak, estresak, elikadurak..) dauka eragin ‘ezberdin’ bat gure gorputz ziklikoetan eta hala ere, ikerketak oso eskasak dira. Hilerokoaren fluxuaren lehen ikerketak orain dela (soilik) 20 bat urte hasi ziren egiten, eta nahiz eta gaur egun gaiaz gehiago hitz egiten den, asko dago oraindik egiteko.

 

  • Hilerokoak ez luke minik eman behar: Badakigu hau esatea ez dela batere erreza, askok, gehienok agian, hilerokoaren mina hilabetero-hilabetero sufritzen dugulako. Baina prozesu fisiologiko bat izanik (pixa egitea edo liseriketa egitea bezalaxe), zergatik hartzen dugu normaltzat hilerokoaren mina? Gauza bat da ondoeza izatea, uteroan ematen diren kontrakzioak nabaritzea, baina mina, beste kontu bat da. Honen aurrean gure gomendioa tematzea da, zure kontu behatzea, beste batzuekin gaiaz hitz egitea eta bereziki, mina normaltzat ez jotzea.

 

  • Sintomak aintzat hartzea: Puntu honek aurrekoarekin lotura zuzena dauka. Askotan errepikatu izan zaigu “pilulatxo bat hartu eta aurrera!”, baina gure ustetan (ahal badugu behintzat) ohitura honekin amaitzeko unea da. Ditugun gaizki-egonak aintzat hartzea eta erroko aldaketak egitea ezinbestekoa dela uste dugu: Norberaren intimitatean, maila komunitarioan eta maila sistemikoan.

 

  • Gure artean sinistea: Hilerokoaren Kultura elkarrekin sortuko dugu edo ez da izango. Eta “elkarrekin” hau, gure artean sinetsiz lortuko dugu. Izan min fisikoa zein emozionala, garrantzitsua da elkarri sinestea eta konponbideak elkarrekin arakatzea. Hau gainera, aitzakia ederra da saretzen eta komunitatea ehuntzen jarraitzeko.

 

  • Hilerokoa eta Euskara: Gure ama-hizkuntzan gaia landu ahal izatea oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun hainbat dira zikloa erregistratzeko dauden aplikazioak, baina konturatuko zinen bezala, ‘Zikloan App’-a da euskaraz dagoen bakarra. Ara!Gorputz-eko kideok urteak daramatzagu hilerokoaren gaia jorratzen, eta oraindik, erronka garrantzitsu bat dat daukagu: ez ditugu euskaraz hitz egokiak topatzen. Adibidez: Faseen izenak askotan erdaraz erabiltzen ditugu (aurre- hilerokoa luzea denez, Premen esaten dugu...). Umetoki hitza arbuiatzen dugu umeentzako tokia izateaz gain, osasuntsu mantentzen gaituen organo bat delako. Eta oraindik ez dugu euskaraz hitz jatorrik topatu “umetoki” ordezkatzeko. Zerrendarekin jarrai genezake baina oraingoz hemen utziko dugu ;)

 

Hauek dira guk identifikatutako zenbait erronka. Baduzu besterik? Lortu al duzu hauetakoren batentzako soluziobiderik? Kontatu hahi izan ezkero, info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaituzu!

 

ELKARBANATU:
Iruzkinak idazteko saioa hasi behar duzu