Hilerokoaren Zikloa modu orokor batean

Hilerokoaren Zikloa modu orokor batean
2022-08-07

Hilerokoaren Zikloa modu orokor batean

 

Hilerokoaren Zikloa, obulazioaren prozesuaren ondorioz ematen da. Guretzat, garrantzitsua da hasieratik jakitea obulazio gabe ez dagoela hilerokorik, ez ziklorik, ezta hilerokoaren fluxurik ere. Obulazioa da gakoa, kide!

 

Uteroarekin jaio garen gorputzetan ematen den zikloaz ari gara, gutxi gora behera 9-10- 11...15 urte ditugunetik, gutxi gora behera 40-45... 50 urte ditugun arte. Beraz, ziklikoak izaten 40 bat urte pasatzen ditugu.

 

Bizi prozesu zikliko honen hasiera (menarkia) zein amaiera (klimaterioa eta menopausia), ez da egun batetik bestera ematen: menarkiaren kasuan 2 urte igaro daitezke lehen hilerokoa agertzen denetik, ‘erregulartasun’ batera iritsi arte, eta klimaterioaren kasuan 8-10 urte eman ditzakegu egokitzapenean, azken hilerokoa den menopausia iritsi arte.

 

Menarkiatik menopausiara (haurdunaldirik ez badago) gutxi gora behera 480 ziklo igaroko ditugu. Zikloaren lehen eguna fluxu gorria agertzen dena da eta azkena hilerokoaren jarioa 3eteten den eguna. Hau aintzat harturik, 23-35 egun inguruko zikloak izango ditugu. Hauetako bakoitzean, hormonen dantza bat garatuko da, gure gorputzean protagonista nagusiak estrogenoak eta progesterona izango direlarik.

 

Hilerokoaren Zikloak 2 fase nagusi ditu: folikularra eta luteoa. Bata eta bestearen artean, obulazioa deritzogun prozesua ematen da. Fase folikularrean (estrogenoei esker) obulutegietan ditugun folikuluak (zelula txikiak) garatzen joango dira, obozito bat (edo batzuek) elikatuz. Hauek, obulazioaren unean tronpetatik bidaiatuko dute uteroraino, eta bertan, fekundaziorik ematen bada, zigotoa garatzen hasiko da. Bestela, fluxu gorria baginatik atera eta zikloa berriz hasiko da.

 

Ohikoa da, Hilerokoaren Zikloak ‘zertarako balio duen’ galdetzen dugunean erantzun bakar bat bururatzea. Denok dakigu Hilerokoaren Zikloak erreprodukziorako balio duela, denak jaio baikara porrot egin zuen hileroko batetik ;), ezta? Baina badago oso garrantzitsua den (beste) ‘zertarako’ bat: Hilerokoaren Zikloak osasuntsu mantentzen gaitu. Hormonen dantza horri esker gure ilea, hezurrak, giharrak, etab. berritu eta indartzen dira. Beraz, Hilerokoaren Zikloa izatea guretzat osasun adierazle eder bat da.

 

Datozen piluletan, Hilerokoaren Zikloaz gehiago hitz egingo dugu. Momentuz, eta informazio hau zure gorputz-bizipenetik ‘pasatzeko’ hementxe galdera gako batzuek: ba al dakizu zenbateko iraupena (bataz-beste) duen zure zikloak? Bereizten dituzu une ezberdinak zure gorputzean? Ba al dakizu zein fasetan zauden orain?

 

Gogoratu info@aragorputz.eus -en helbidearen beste aldean gaituzula! :)

 

Ara!Gorputz

 

ELKARBANATU:
Iruzkinak idazteko saioa hasi behar duzu