Menarkia(n) bidelaguntzeko zenbait gako
Menarkia(n) bidelaguntzeko zenbait gako
Noiz izan zen zure menarkia, hots, zure lehen hilerokoa? Gogoratzen duzu une hura? Zein oroitzapen datozkizu burura eta bihotzera? Zer diote sabelak eta aluak? Norbaitek bidelagundu zintuen prozesu horretan? Nola? Informazio nahiko izan zenuela sentitzen duzu? Lehen hileroko hura nolakoa izatea gustatu izango litzaizuke?
Hartu tarte bat galdera hauei goxotasunez erantzuteko... (ahal baduzu, atera zure koaderno kuttuna eta hasi idazten :))
Listo? Ziur zaude? Ale ba, jarrai dezagun!
Denok dugu lehen hilerokoaren inguruko sentsazioren bat. Tamalez, istorioak oso antzekoak dira eta ez dira oso xamurrak. Elkartu eta oroitzen jartzen garenetan, hasperen eginez baieztapen berdinean amaitzen dugu: “zein ezberdina zatekeen lehen hileroko hura, informazio gehiago izan banu...”
Haurrak bidelagundu ahal izateko abiapuntua norberaren kokalekua da. Ziklikotasunaren inguruko lanketarik egin baduzu, ziurrenik jada ‘beste toki batean’ egongo zara. Norberaren bidea eta gaur egungo ‘toki hori’ aitortzea oso garrantzitsua dela uste dugu.
Hilerokoa jada tabua ez dela entzuten dugu maiz. Baina haurrekin lanean ibiltzen garenean 3 dira behin eta berriz errepikatzen diren hitzak: mina, lotsa eta nazka. Hau, oso adierazgarria da gure ustetan.
Hitz horien atzean dagoen guztiarekin amaitzeko garrantzitsua da menarkia prozesuak xamurki bidelaguntzea. Informazioz eta baliabidez horniturik. Eta horretarako, Ara! Gorputz-etik tresna hauek sortu ditugu:
- Unitate didaktikoa: Bertan, teoriaz gain haurrekin gaia lantzeko dinamikak ere badaude. Irakasle zein helduentzat sortua dago.
- Bideoa: Haurrei bideratutako baliabide hau Hilerokoaren Zikloaren nondik norakoetan murgiltzen da. Zeinu Hizkuntzara itzulia dagoen bertsioa ere topatu dezakezu.
- Ilustrazioak: Hauek ere haurrei bideratuta daude. Gaia edertasun, hurbiltasun eta goxotasunetik ikusgarri bilakatzeko helburua duten irudiak dira. Horma-irudi bezala ala eranskailu bezala erabiltzea iradokitzen dizugu ;)
- Ziklograma: Erregistroak egiteko tresna da, eta lehen hilerokoa izan baina lehen ere erabiltzen hastea gomendatzen dugu. Jatorrian Hilerokoaren Zikloaren bitartez autoezagutza sustatzeko sortua izan bazen ere, pertsona guztiek erabili dezakeke.
Aipatutakoaz gain, haurrak heldu zein gazte ezberdinekin hilerokoaz hitz egiteko aukera izatea polita eta garrantzitsua da. Izan ere, maiz errepikatzen diren hiru hitz horiek (mina, lotsa eta nazka) isolamenduarekin harreman estua dute. Honegatik, konfiantzazko harremanekin lehen pertsonan menarkiaz, fluxuez, ziklikoki bizitzeaz edo klimaterioaz hitz egin ahal izatea opari ezin ederragoa izango da umearentzat.
Menarkiatik (lehen hilerokotik) ziklo heldu (‘erregular’) batera 2 urte igaro daitezke. Hasieran, fluxua arrosa edo horia izan dezake haurrak, hau bat-batean desagertu, gero fluxu apur bat gehiago izan, gero ezer ez nabaritu 2 hilabetetan... Beraz, denboraldi honetan lasai egotea gomendatzen dizugu, gorputzak badaki eta!
Uste dugu denon esku dagoela lehen aldi horietako bizipen eta kontakizun horiek, belaunaldiz belaunaldi, informazio baliagarriz osatzen joatea. Eta noski, honekin, Bizitza pozgarri eta arinagoak eraikitzen laguntzea.
Badituzu prozesu honetan bidelaguntzeko baliabide gehiago? Kontaiguzu info@aragorputz.eus helbidera idatziz!
Ara!Gorputz