Nor Gara

Nor Gara
2022-07-12

Nor Gara

 

Ione eta Enara gara, eta elkarrekin (gure lagun-sarearekin batera, noski) Ara!Gorputz kooperatiba daramagu aurrera. 2018. urteaz geroztik gabiltza han eta hemen Hilerokoaren Zikloaren inguruko formazioak ematen, ikerketak garatzen eta eztabaidak pizten. Hezkuntza herrikoia eta feminista ditugu oinarri: ez gara irakasleak, bidelagunak gara.

 

Gai honekin (beste hainbatekin bezala) norberaren ibilbidearen baitan ditugun jakintzak aitortzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Horrela sortu(ko) bait da Kultura Ziklikoa deritzogun hori! Gai hau jorratzeko espazio-denborak irekitzen ditugu, hilerokoaren inguruan dagoen tabua (bai, oraindik badago...), poliki-poliki eta maitasunez, desegiten joateko.

 

Gaur egun ere beste gai batzuk arakatzen gabiltza, hauen artean, Ekonomia Feministaren zein Ekofeminismoaren ikuspegiak. Denak loturik baitaude, dena loturik baitago. Bizitza bizigarriak (denontzat eta bizirik dagoen guzti horrentzat) izateko, berebiziko garrantzia dauka, ez-ikusgarria dena (eta bizitza sostengatzen duena, Hilerokoaren Zikloa bezalaxe) argiztatzea, ikustaraztea eta aitortzea, amesten dugun jendarte eraldatzaile horren ezaugarri izan dadin.

 

Abya Yalako kideek dioten bezala, ‘Bizitza Ona’-ren aldeko apustua da gurea, kapitalismotik urrun dagoen ‘horrekin’ ber-konektatzeko eta (oraindik) bizirik dirauen hori babesteko. Guretik, egunerokotasunik, ‘oinarrizko behar’ horiek kontuan izanik.

 

ZIKLOAN proiektu honekin, gure helburua zuk zure Hilerokoaren Zikloaren behaketan sakontzea da, merezi duzun mimo eta maitasun guztiarekin. Honetarako bidelagun izango gaituzu. Edozein momentutan gurekin harremanetan jarri nahi baduzu (galderak, kezkak edo ‘zure barrenetara’ bidai honen berri emateko) helbide honen beste aldean gaude: info@aragorputz.eus. Jakin (eta hau oso oso oso garrantzitsua da guretzat), aplikazio honetan erregistratutako datuak SOILIK gure esku egongo direla, eta zin egiten dizugu, merezi duzun/dugun xamurtasunarekin (eta noski, konfidentzialtasunarekin) tratatuak izango direla. Honen inguruko informazio gehiago hemen eskaintzen dizugu.

 

Desio dugu sortu ditugun eduki-pilulak baliagarriak izatea. Zure alboan gaituzu.

Maitasunez,

Ione eta Enara

Ara!Gorputz

 

ELKARBANATU:
Iruzkinak idazteko saioa hasi behar duzu