Obulazio fasea arakatzen
Obulazio fasea arakatzen
Obulazioa, zikloaren unerik garrantzitsuena da. Hilerokoaren Zikloaz hitz egitea baina egokiagoa litzake Obulazioaren Zikloaz hitz egitea. Hilerokoaren fasea oso ikusgarria bada ere, prozesu konplexu baten emaitza besterik ez da. Obulazioan ematen da dantza hormonalaren mamia, hau begiztatzerik ez dugun arren.
Obozitoa obulutegitik atera eta tronpetatik uteroraino egiten duen bidaiari deritzo obulazioa. Prozesu honek 24 eta 48 ordu inguruko iraupena izaten du eta momentu horretan hasten da sortzen progesterona. Grafikoa azaltzen den pilulan aipatzen dugun bezala, hormona honek eragin lasaigarria du gure gorputzean (baldintzak izan ezkero) eta bera izango da umekia (izan ezkero) atxikitzen lagunduko duena.
Hankartean hezetasun nabaria izan ohi dugu egun hauetan. Fluxua behatzea oso eraginkorra da fase honetan gaudela jakiteko, arrautzaren zuringoaren antzeko elastikotasuna soilik egun hauetan izaten dugulako. Jario honi esker, espermatozoideak bizirik mantentzen ahal dira gure gorputzean 2 eta 5 egun bitartean.
Egun hauetan (eta gure iritziz orokorrean), ez da batere komenigarria salvaslip edo horrelakoen erabilera, bereziki plastikozkoak badira. Gure aluek osasuntsu mantentzeko sistema eder bat dute. Kulero edo galtzontziloetan edozein xurgatzaile jarri ezkero, gure baginak defentsa moduan fluxu gehiago sortuko du.
Energiari dagokionez, polit sentitu ohi gara, arropa kuttuna janzteko gogoa izaten dugu eta orokorrean, lagunkoi gaude. Jendearekin egoteko gogotsu eta gure bizitza planez betetzeko nahiarekin. Sexu desira ere gorantz joan ohi da. Baina, kontuz! Gogoratu agian hurrengo faseetan ez dugula hainbesteko gogorik izango gure obulatoria maitagarriak proposatu duen guztia egiteko. Edonola, goxatu egun hauek sentitzen dituzun moduaz!
Baliteke obulazioaren aroan dena ez hain liluragarria izatea ere. Batzuoi, amatasunaren eta ez-amatasunaren mamuak agertzen zaizkigu une honetan, eta honi erreparatzea ere oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu.
Azkenik, kontuan izan Obulazioaren (edo Hilerokoaren) Zikloa ezinbestekoa zaigula osasuntsu mantentzeko. Dantza hormonalak ilearen indarra, hezurren trinkotasuna eta azalaren egoera zaintzen ditu, besteak beste.
Eta zuk, ba al dakizu noiz izaten den zure obulazioa? Nabaritzen al duzu? Nola sentitzen zara egun hauetan? Aipatu ditugun irizpide eta ezaugarriekin bat zatoz? Mamuren bat agertzen da zurean? Galdera hauek zure koadernotxoan erantzun ditzakezu eta nahi izan ezkero, gurekin partekatu, info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaituzu!
[*Energia eta ezaugarrien inguruko ohar bat: Idatzi hauetan, ohikoak izaten diren energiak eta ezaugarriak jasotzen dira, baina bakoitzaren gorputza eta bizipenak mundu bat dira, beraz, zureak ezberdinak badira, ongi dago ere]