Paradigma Ziklikoa

Paradigma Ziklikoa
2024-11-19

Paradigma Ziklikoa

 

Ahaztu samar badugu ere, denbora ziklikoa da. Iragana, oraina eta etorkizuna elkar loturik daude: zuhaitzak sortu zuen hazia ereinez gero, litekeena da etorkizunean beste zuhaitz bat izatea. Hortaz, hiru denborek harreman estua dute.

Baina gure arbasoak naturaren erritmoetatik deslotu behar izan ziren. Izan ere, kapitalismoaren jatorrizko metaketak, lurren hesiturak eta ondoko historiaren bilakaerak zikloetatik urrundu zituen europarrak.

Eta orain gu, gure gorputz menstrualetan, bizitzaren ziklikotasunetik urrun sentitzen gara, urruntzea gure erabakia izan ez bada ere. Hazkunde lineal eta amaigabean sinisten duen gizarte antolamendu baten parte erratikoa gara, parte ziklikoa. Zuhaitzak bezala.

Hilekoen eta zuhaitzen zikloak lineal bilakatzen saiatu da gizarte antolamendu kapitalista, baina ez du lortu. Geure gorputzetan kiribiltasunari eutsi nahian jarraitzen dugu, eta atzera itzuli nahi dugu etxera. Denboren kultura ziklikoa gorpuztu. Denboraren kontzepzioa politizatu nahi dugu eta horrela gorputzarekin, lurrarekin eta lurraldearekin birkonektatu.

Geure gorputza dugu abiapuntu, geure denbora eta geure erabakiak. Samurtasuna, diziplina eta konpromisoa dira gure bidelagun fidelak. Horrela, bizitzaren denbora organikoak behatuz, horien adierazpen moduak onartuz eta horietaz ikasiz, gure ziklikotasuna aintzat hartzen ariko gara.

Ideiak lurreratu eta egunerokoan eragiteak prozesua politiko bilakatzen du. Baita barne zizakadurei tokia eskaintzeak eta elkarrizketak pizteak ere. Finean, sentimenduei bidea emateak. Han eta hemen xirrikitu kiribilduak irekitzeak.

Eta ez dago ziklikotasunera itzultzeko modu bakarra. Eta batzuetan hitzak mugatuegiak dira. Zuhaitz mota ugari dauden bezala, milaka ziklo, emozio eta sentsazio daude. Zer dio zure barneak? Ze musika du? Adieraziko zenuke? Konplize batekin partekatuko zenuke?

Kultura Ziklikoa barneratzea arnas luzeko estrategia baten xedea da. Gustatuko litzaigukeena baina motelagoa izango da prozesua, erritmo kiribilduak igaroko ditu eta belaunaldi asko zeharkatuko ditu. Beraz, pazientzia estrategikoa beharko dugu maratoi honetan goxatu ahal izateko.

Zugatik, gugatik eta kide gizatiar eta ez gizatiar guztiengatik, gora bizitza!

 

Ara!Gorputz

 


 


 

ELKARBANATU:
Iruzkinak idazteko saioa hasi behar duzu