Zergatik da garrantzitsua Hilerokoaren Zikloaren erregistroa egitea?

Zergatik da garrantzitsua Hilerokoaren Zikloaren erregistroa egitea?
2022-09-06 · Ara!Gorputz

Zergatik da garrantzitsua Hilerokoaren Zikloaren erregistroa egitea?

 

Zikloan Aplikazioa erregistroak egiteko baliabide polit bat dela pentsatzen dugu (hobetzen eta fintzen joango garena). Baina, zergatik da garrantzitsua Hilerokoaren Zikloa erregistratzea? Zer esan nahi du zehazki erregistro bat egiteak?

 

Has gaitezen hasieratik: erregistratzea ‘zerbait’-en datuak jaso eta antolatzea da, ostean ondorio batzuek atera ahal izateko. Kasu honetan, gure erregistro gaia Hilerokoaren Zikloa izango da. Egunetik egunera nola zauden erregistratzera gonbidatzen zaitugu. Honetarako, 4 gauza garrantzitsu beharko dituzu: 1) App-ra sarbidea ;), 2) Koadernotxo bat, 3) Diziplina xamurra zurekin gutxienez 3 hilabetetan zehar eta 4) Egunean 10 bat minutu. Baduzu dena? Zerbait falta duzu? Zergatik? Zer egin nahi duzu horrekin?

 

Zuretzat gordetako 10 minutu horietan eroso jartzea eskatuko dizugu, ahal baduzu, isiltasunean eta bakarrik. Nola zaude? Nola daukazu gorputza? Minik al duzu? Eta emozioak, ze musika dabiltza dantzatzen? Regetoia? Chill musika? Rock gogorra? Musika klasikoa, agian? Hauek dira gorputzari egin diezazkiokezun zenbait galdera. Helburua argia da: Nola zauden jakitea.

 

Galderak sentitzen zoazen bitartean edo ostean, koadernotxoan oharrak har ditzakezu eta gero app-an sartu ondorioak. Prozesu hau (merezi duzun diziplina xamur horrekin) egunero egitea komeni da, gutxienez 3 hilabetez. Egun batean gogo pitzarrik ez baduzu, “gaur paso” idatzi dezakezu, eta, hori ere, ongi egongo da. Denbora tarte hau amaitzerakoan ondorio batzuk ateratzeko gai izango zara.

 

Baina, zergatik da garrantzitsua zure Hilerokoaren Zikloaren erregistroa egitea?

 

Hauek dira guri bururatzen zaizkigun arrazoietariko batzuk:

 

  • Zure Hilerokoaren Zikloaren iraupenaz jabetzeko.

 

  • Zikloaren momentu ezberdinetan dauzkazun energiak nolakoak diren jakiteko.

 

  • Medikuarengana joan behar baduzu, zure gorputzaren jakintza batzuek izateko.

 

  • Agenda ziklikoki antolatzeko (bizi garen sistema lineal honetan ez da erreza izaten, baina oinarri bat izan dezakezu honela).

 

  • Aldaketak aurreikusteko (bizitza aldakorra da eta gure zikloak berarekin bat doaz).

 

  • Pilaturiko jakintzak partekatu ahal izateko eta honekin, Kultura Ziklikoari (eta Hilerokoaren Kulturari) ekarpenak egiteko

 

Bururatzen zaizkizu arrazoi gehiago? Horrelako ibilbiderik egin baduzu, nola joan zaizu? Zeintzuk izan dira topatu dituzun altxorrak eta erronkak?

 

Gogoratu zure ekarpenak ezinbestekoak direla gorputz (eta ziklo) burujabeen iraultzarekin jarraitzeko. info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaituzu!

 

Ara!Gorputz

ELKARBANATU:
Iruzkinak idazteko saioa hasi behar duzu