Ziklo hormonalaren grafikoa ulertzen
Ziklo hormonalaren grafikoa ulertzen
Pilula honetan, ‘dantza hormonala’ irudikatzen duen grafikoa azalduko dugu. Aipatzen joan garen bezala, ez gara linealak, ziklikoak baizik. Grafiko hormonalean ematen diren aldaketak behatuz agian hobeto ulergarriago egingo zaizu hau.
Zentzu zabal batean 2 fase nagusi igarotzen ditugu gure zikloan: folikularra eta luteoa. Hauen artean, zikloaren une gorena eta honen izate arrazoia ematen da, obulazioa. Obulaziorik gabe ez genuke hilerokorik izango. Are gehiago, Hilerokoaren Zikloaz mintzatzea baino zentzudunagoa litzake Obulazioaren Zikloaz hitz egitea. Baina hori beste baterako utziko dugu. Jarrai dezagun grafikoarekin eta zikloaren bi fase nagusiekin.
Lehen fasean, estradiola eta FSH hormonak dira nagusiak. Estradiola estrogeno mota bat da, eta hilerokoaren fluxua agertzen denean hasten da dantzan. Arketipoetan ere adierazten den bezala, zikloaren lehen egun hauetan energia gorakada bat izan ohi dugu. Hau, estrogeno kopuruaren emendatzearen eraginez ematen da. FSHa edo hormona folikulu-estimulatzailea ere martxan jartzen da, estrogenoen jariaketari lagunduz eta folikuluen estimulazioa eraginez. Beste era batera esanda, obulutegietan hazteko prest dauden folikuluak esnatzen ditu FSHak.
Estradiol kopuruaren puntu gorena ematen denean, dantzan hasten da LHa edo hormona luteinizatzailea. Folikuluak garatu (eta obozito bilakatu) ostean obulazioa ematen da. Prozesu honek progesterona sortzen du. Eta honekin, zikloaren bigarren fase nagusira igarotzen gara.
Bigarren fasea, luteoa deritzoguna, obulazioa eman ostean hasten da. Fase honetako hormona nagusia progesterona izan beharko litzake. Hormona honek, endometrioa prestatzea eta sendotzea du helburu, enbrioia (egon ezkero) bertan ezarri dadin. Arketipoen piluletan zabalago adierazten den bezala, hormona honek gure gorputzean eragin lasaigarria du, beti ere, lasai egoteko baldintzak baditugu. Bigarren fase honetan estradiolaren gorakadatxo bat ematen da eta zikloa amaitzen doanean hormonak ere desagertzen joten dira.
Hormona guztien beherakada ematen denean, (ia) hormonarik gabe geratzen gara eta hilerokoaren fluxua baginatik irteten hasten da. Une horri guk, ‘zero momentua’ deitzen diogu. Honen ostean, grafikoaren hasierara itzuliko gara, eta ziklo berri bati hasiera emango diogu.
Hormona dantza hau ez da beti berdina. Gure zikloan zehar aldaketak izan baditugu (loan, estres mailan, elikaduran, etab.), hauek eragina izango dute gure hormonen gora behera honetan.
Zure zikloa ezagutzen jarraitzeko, gogoratu hoberena zure erregistroa egitea dela!
Ezagutzen zenuen grafikoa? Nabaritzen al dituzu hormonen igoera eta jaitsiera hauek? Gogorik baduzu, kontatuiguzu! Badakizu info@aragorputz.eus helbidearen beste aldean gaudela!
Ara!Gorputz