ZIKLOAN.eus APLIKAZIOAN BERRIKUNTZAK EGIN DITUGU!
ZIKLOAN.eus APLIKAZIOAN BERRIKUNTZAK EGIN DITUGU!

Lapikoan goxo egosi ostean, 2023ko martxoan ongi etorria eman genion hilerokoaren zikloa erregistratzeko euskarazko lehen aplikazioari. Iametza eta Ara!Gorputz kooperatibak elkarlanean sortu genuen eta aurten, berrikuntzak egin ditugu.
Euskara hutsean dagoen lehen aplikazioa izateaz gain, ikuspegi feministatik dihardugu eta erregistratutako datuak gure zerbitzarietan daudenez, erabiltzaileen datuen segurtasuna bermatua dago.
Dagoeneko 2 urte pasa dira eta izandako harrerarekin zein ibilbidearekin oso pozik gaude. Egun, 1000 erabiltzaile baina gehiago gaude erregistratuta, eta horietako ehuneko handi batek aplikazioa egunerokotasunean erabiltzen du.
Datuen ustiapenaren lehen emaitzak
2024an, anonimotasuna mantenduz, 500 emakume inguruk erregistratutako datuek zer zioten aztertzen jarri ginen Aztikerreko kideekin batera. Zikloan erabiltzen dugunak nongoak gara? Zein adin dugu? Nolakoak dira gure hilerokoak? Galderak galdera, hauek izan dira ateratako ondorio nagusiak:
- Zikloanen gehiengoak emakumeak* gara baina gizon transen bat eta pertsona ez-bitar batzuk ere badaude.
- Adin tarteei dagokienez, gehiengoa 28-35 urte artean gaude, baina bada 14 urte baino gutxiago dituen baten bat eta 49 urtetik gorakoren bat ere bai.
- Erabiltzaile gehienak Gipuzkoan erroturik gaude eta Araba eta Iparraldea oro har dira erabiltze gutxien dituzten lurraldeak.
- Erregistroak egiten ditugun gehiengook 12 eta 13 urterekin igaro genuen menarkia. 11 eta 14 urterekin izan zuten lehen hilerokoa batzuek, oso gutxik 10 urte bete baino lehen, eta are gutxiagok 16 eta 17 urte artean. Oro har, erabiltzaileen menarkiaren bataz besteko adina 12,7 urtekoa da.
- Gehiengo handi batek 26-30 eguneko zikloa dugu, gutxi batzuek 16-20 egunekoa eta beste kopuru txiki batek 35 egunekoa. Ziklo luzeenak 28 eta 35 urte bitartean ematen dira eta 42 urtetik aurrera zikloak motzagoak izan ohi dira.
- Dirudienez, gehienok hilerokoa noiz etorriko zaigun aurreikusteko erabiltzen dugu aplikazioa. Izan ere, erabiltzaileen artean gehien erregistratu den ezaugarria fluxu gorri kopuru delakoa izan da.
- Gehien erregistratu dugun hurrengo ezaugarria nekea izan da eta ostean sabeleko mina. Aldaketa nagusiak apetituan eta loan bizitzen ditugu.
- Emozioen atalean, lasaitasuna da gehien markatzen dugun ezaugarria eta gutxien markatzen duguna haserrea.
- Energiaz ari garenean, nekea eta ohiko energia aukerak dira nagusi eta apenas presentziarik ez dutenak arreta eza eta energia izugarria dira.
Egindako hobekuntzak
Azken urtean zehar aplikazioa hobetzeko egin ditugun berrikuntzak hauek dira:
- Komunikaziorako funtzionalitateak gehitu ditugu: Pop-up abisuak egongo dira, nahi duten erabiltzaileek noizbehinka, buletinak jasotzeko aukera izango dute, hilerokoaren iragarpen abisuak gehitu ditugu, erregistroak egiteaz oroitarazteko mezuak jasotzeko aukera dago baita Iametza zein Ara!Gorputzeko kideekin kontaktu formulario baten bitartez komunikatzeko ere.
- Datuak sartzeko modua erraztu dugu: Aplikazioaren aurreko bertsioan 6 ezaugarri igaro behar ziren eguneko datuak gordetzeko. Orain, dena pantaila berean agertzen da.
- Estatistiken atalean grafikoak sortu ditugu: Ziklo bakoitzean sarturako ezaugarriekin 6 grafiko sortzen dira, baita guztira sartutako datuak jasotzen dituen grafiko orokor bat ere.
- Webgunearen itxura berritu dugu: Azal nagusia freskatu dugu eta atal guztietan aldaketa estetikoak egin ditugu.
- Hilerokoaren stickerrak deskargatzeko aukera jarri dugu! Ara!Gorputz eta Eider Eibar ilustratzaileak elkarlanean sortutako irudiak, Telegram zein Signal aplikazioetarako baliagarriak direnak, aplikazioaren bidez deskargatzeko aukera dago.
- Hiru artikulu berri igo ditugu: Paradigma Ziklikoaren ingurukoa bat, beste bat hilerokoa euskaraz jorratzen dugunon ingurukoa, eta azkena, Zikloan aplikazioaren erabileraren ingurukoa.
- Aplikazioaren tripetan ere aldaketak egin ditugu. Izan ere, aurrera begira, Euskal Herri mailan nolako hilerokoak ditugun ikertzea baloratzen ari gara. Horregatik, anonimotasuna mantenduz beti ere, jasotako datuak sailkatzen hasiak gara, baita datu berriren bat edo beste eskatzen ere (posta kodea eta jaiotze data, adibidez).
Aurrera begira, bai ikerketak egiten jarraitzeko asmoz zein aplikazioarekiko erabiltzaileen bizipena hobetzeko helburuekin, hobekuntzak eta moldaketak egiten jarraituko ditugu.
Momentuz, tresna zabaltzen jarraitzea eta erabilpena sustatzea dira gure helburuak eta azken berrikuntzekin hori lortzea desio dugu.
Eskerrik asko zuen arretarengatik :)